Argitaratzailea: Gipuzkoako Foru Aldundia

Zuzendaria: Bertha Gaztelumendi

Gidoilaria: Xabier Urmeneta

Lan talde teknikoa: Ainhoa Urmeneta, Marino Pardo,Lander Arregi,Imanol Luke,Anartz Beobide.

Informazio iturria:Aritza Kultur Elkartea

Memoria egiten ari gara. Akordatzen. Amasa-Villabonan, azken mendean gertatu diren hainbat gertakizuni hizkia eta ahotsa jartzen. Ariketa kolektiboa da hau, ezagutzaren eraikuntza partekatua egiten ari gara. Norbanakoen bizipenetatik historiaren pasarteak idazten.

Helburua ez da inoren aurka jardutea; bai ordea isilpean gordeak izan diren gertakizun batzuk argitan jartzea. Sentimendua eta ahotsa jarri diegu. Horixe bera dira Maritxu, Purita, Marisol, Arantxa, Rafa, Alazne, Paulino, Karmen, Maite, Javier, Gemma, Helena eta Pilar. Norbera bere talaiatik. Baina denek gerra galdu zuten, ez ordea askatasuna.

Dokumental honetan parte hartze aktiboa izan dugu. Ez ohiko estrainaldi bat burutu zen Villabonan uztailaren 22an; ez ohiko aktoreekin. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak burututako ekimena da, bizikidetza, oroimen historikoa eta transmisioa bultzatzeko asmoz. Eta laster aurkeztuko da publiko zabalari. Beste herriei ikerketaren harra pizteko bokazioz.

Gerrate Zibila eta bere ondorenak ditu aztergai dokumental honek. Hemen aurkezten ditugun pertsonai batzuk lehen mailan pairatu zuten gerra eta haren ondorioak. Eta gero gerra galdu zuten. Amasa-Villabonan bizi behar izan zuten,ondoren. Horretaz hizketan jarri ditugu herriko gazteak gidari dituztela. Generazio desberdinak sarean.

Gaur, egiatik, kontatu gabeko egiatik, gertuago gaude atzo baino.