Matxinada uztailaren 17an hasi zen Melillan. Berehala zabaldu zen Penintsula osora. Santio jaietarako egun gutxi falta zirela.

Armadaren zati batek burutu zuen, errekete, falangista eta beste indar eskuindar batzuen laguntzarekin. Altxamenduak hasiera batean porrot egin zuen Bizkaian eta Araban. EAJk Errepublikaren alde eta altxamenduaren aurka oharra kaleratu zuen Euzkadi egunkarian.

Gerra Zibila legitimoki aukeratua izan zen gobernu baten aurkako Estatu kolpe baten ondorioz gertatu zen. Indarra erabiliz, biolentzia baliatuz.

Estatu kolpearen helburuak ondo agertzen ditu Emilo Mola jeneralak, 1936ko martxoan, matxinadaren prestaketa lanetan ari zela, jeneralak idatzita utzi zuen:

"ekintzak izugarri bortitza izan behar du, arerioa, indartsua eta ongi antolatua, lehenbailehen gutxitzeko" lehen helburuak ere seinalatu zituen: "mugimenduarekin bat egiten ez duten alderdi politiko,elkarte eta sindikatuetako zuzendaritzak" zera gehituz, "zigor eredugarriak aplikatu behar zaizkie,asaldura sortzeko xedea duten mugimendu edota grebak ekiditeko beldurra erein behar da, nagusitasun sentsazioa utzi behar da, eskrupulurik eta zalantzarik egin gabe guk bezala pentsatzen ez duen oro ezabatuz" .

( in 1936 Gerrako Oroitzapenak 2008:61).

1936eko abuztuaren 16an sartu ziren Villabonan

Igandea zen, militarrak gure herrian sartu zirenean, 1936ko abuztuaren 16a. Hastapen batean, zuzen pasa ziren Andoain aldera. Amasara frankistak Belabieta aldetik sartu ziren eta euren metrailetak tiroka sentitu zituzten herritarrek. Antza, Amasako San Martin Tours parrokian meza nagusia ospatzen ari zen (baita Villabonakoan ere) eta tiro hotsak entzun ziren (Lumane Atzoko Amasa-Villabona -Aiurri 2004-2006:19 zb-3 orria). Elizaren dorrea ere zulatu omen zuten.

Meza nagusia bera geratu behar izan zuten eta herritarrak, alde batetik bestera babes bila abiatu behar izan zuten, ahal zen moduan. Francoren gudarosteei aurre egiteko erresistentziaren lekukotzak dio Fraisoron kainoiak jarri zituztela herritarrek baita Amasan ere "hara joaten ziren gudariak buzo urdinarekin batzuk ehizako eskopeta bizkarrean hartuta " (in 1936 Gerrako Oroitzapenak 2008:178).