Egilea: Amagoia Iban. Lotura

Felix Padin Gallo (Bilbo, 1916ko uztailak 9) Marcos Ortega Aldayrekin batera Isaac Puente Bataloian

Gaur bi hilabete justu, Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) epaitegi atarian zegoen 98 urteko anarkista hau. Egun hartan, Maria Servini epaile argentinarrari Francoren preso eta esklabo urteetan bizi izandako izugarrikeriak kontatu zizkion.

Familia behartsuan jaio zen Felix Padin Gallo (Bilbo, 1916ko uztailak 9). 12 urterekin hasi zen lanean eta 12 urterekin egin zen CNTko kide. 1936ko uztailaren 18ko altxamendu aurretik giroa gaiztotzen ari zela ikusirik, ekintza taldea osatu zuen beste lau anarkistarekin. Propaganda, greba eta sabotajea zituzten tresna, eta arma laburrak eta dinamita lortzen eta nola erabili ikasten aritu ziren. Armok eskuan egin zieten aurre Bilbon altxamendu militarraren aldekoei, matxinadaren ezusteko lehen kolpean. CNTren Isaac Puente batailoian aritu zen gero, eta Durruti batailoiko tenientea zen 1937ko ekainaren 16an, matxinoek Basaurin (Bizkaia) preso hartu zutenean.

Sei urte egin zituen frankisten menpe: «Arrigorriaga, Galdakao eta Gasteizko espetxeetan lehenik», Miranda Ebroko kontzentrazio esparruan eta hainbat langile batailoitan segidan, 1939ko ekainean libre utzi zuten arte; hilabete eskas egin zuen libre, ordea, eta Miranda Ebrora bidali zuten atzera, eta handik diziplina batailoietara. Ordukoen berri eman zion Maria Servini epaileari abuztuaren 4an.

Bizitza zer den, presoaldi urteetako «bizipen gogorrenak» Mirandako kontzentrazio esparruan bizi izan zituela dioenak Miranda du bizitoki aspaldidanik. Langile auzoan du etxea, eta bertan hartu du BERRIA. Pilar alabak ireki du atea; egongela txikian dago zain bera, gurpil aulkian. Gorraizea daukala, eta «ozen» hitz egiteko eskatu dio kazetariari. Makalaldia pasatu berri, ahul hitz egin du berak grabagailuaren aurrean. Tinkotasunez, hala ere.

Serviniren aurrean deklaratu zenuenean, orain artean historia alde bakarrak kontatu izan duela esan zenuen. Normala al da hainbeste urte pasatuta halako deklarazioak ematen aritu behar izatea?

Historia zati hau ezkutatzen saiatzen ari dira oraindik ere. Argentinako epailea, hangoa ezagututa, hemengoa ikusteko gauza da. Hangoa baino askoz kriminalagoa da hemen egindakoa. Askoz jende gehiago akabatu zuten eta bizirik geratutakoei ederra bizimodua eman zigutena 40 urtean!

Frankismoaren aurkako kereilan lekuko gisa deklaratu zenuen. Baikor al zara?

Ez dakit, bada. Argentinatik ez dakit zerbait etorriko den, baina, gutxienez, gertatu zena azaleratzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Bada zerbait.

Agiri asko dituzu gordeak. Zorionekoa zara, agiririk eza aitzakia hartuta gerra eta frankismo biktimei bizi izandako izugarrikeriak ukatzen zaizkien garaiotan.

Diodana egia dela agiriekin froga dezaket, bai: sei urte eduki nindutela preso, Miranda Ebron eduki nindutela, handik langile batailoi batera bidali nindutela, Mirabuenora eta inguruetara [Guadalajara, Espainia] lubakiak egitera; eta Lleidara [Katalunia] eta Monforte de Lemosera [Galizia]... aldatu nindutela, ingeniari parke eta zigor batailoietara. Han jada militarrak ginen. Metrailadore Konpainian suertatu zitzaidan aritzea. Hango kapitaina gerra elbarritua genuen, eta harentzat, langile batailoikoak izaten segitzen genuen. Lan guztietarako deitzen ziguten. Katalunian. Madrilen, Gipuzkoan eta Nafarroan ere aritu nintzen lanean.

Ibilera haiek guztiak gogoan, Mirandako banderaren mastaren inguruan ikusitako izugarrikeriak salatu izan dituzu: hara lotuta hotzez hiltzen utzitako preso iheslaria, jipoitu eta umiliatutakoak...

Mirandako eremuan oso gaizki pasatu genuen, bai. Hiru aldiz izan nintzen han. Lehena izan zen gogorrena, 1937ko urritik 1938ko otsaila bitartean. Kontzentrazio esparru hura 1937ko uztailean sortu zuten, gainezka zeuden Bilboko espetxeetatik-eta ekarritako presoak hartzeko. Neronek tifusa, zornea, kolitisa... paseak ditut. Eta haiek pasatu eta medikuak senda-agiria eman eta lau egunetara, langile batailoi batera joan behar nuela esan zidaten... Mirandako zelaian agintzen zuenari El Degollau deitzen genion. Afrikan egona zen gerra egiten, eta mairuek txiki-txiki eginda utzia zuten [barre txikia]...

Mirandan hasi al zenuen penitentzia?

Ez. Preso hartu berritan Gasteizera eraman gintuzten, gauez, autobusez. Makilakadaka hartu gintuzten. Irudi txar asko ditut buruan gordeak hasieratik.

75 kilo pisatzen omen zenituen 1936ko uda hasieran. Frankisten preso urteetan 35eraino jaitsi zinen. Batere goserik ez zenuen pasatu, bistan denez.

Batere ez! [barre txikia] Gauza bat neukan alde: preso hartu baino lehenago ere ez nuela benetako jatordu oparorik ezagutzen. Eta denean ematen zizuten jateko zerrikeriaren bat. Jaki kopurua baino gehiago, jakien kalitatea zen arazoa. Behin baino gehiagotan kutsatu ginen jatenagatik. Okel eta arrain ustela ematen ziguten Gaintxurizketan, esate baterako. Gipuzkoan langile batailoian lanean ari nintzela gaixotu eta Zarauzko ospitalera eraman ninduten. Hondartza ondoan zegoen ospitalea. Egunero etortzen zitzaigun apaiza erretolikan [barreka]. Nire aitortza entzun nahi izaten zuen, baina ez zuen lortu. Hango militarrek-eta jandako txuleten hondarrak-eta guri ematen zizkiguten jateko. Aleman batzuk ere baziren; errizino olioa elikagai ona zela esan eta hartu egiten zuten!

Gerrari buruz gaur egun egiten diren analisiei buruz zer pentsatzen duzu? Senide arteko gerra zibil eta irrazionaltzat al duzu?

Errepublika ailegatu orduko gure aurkako gerra prestatu zutela, hori pentsatzen dut. Ni lanik gabe nengoenean, batek duro bat eskaini zidan mezetara joatearen truke. Garai hartan duroak zenbat balio zuen! Ni joan izan nintzenetan apaizei ozen entzuten zitzaien errepublikaz gaizki-esaka.

Galtzaileekin aldarrikatzen zituzten balio kristauen arabera jokatu al zuten gerra bukatzean?

Kristau ezin hobeak zirela zioten, doktrina horren arabera jokatzen zutela... baina zu ezabatzea zen haien doktrina. Zorriek janda ez bazen, goseak edota gaitzek akabatzen zintuzten. Zuzenean fusilatzen eta makilakatzen ez bazintuzten, jakina. Haiek guztiak ikusita, pentsatzen hasten zinen, eta zu ezabatzeko modu guzti-guztiak erabiltzeko prest zeudela ondorioztatzen zenuen. Denak erabili baitzituzten! [barre txikiarekin]. Hori bai, denean zintzoenak zirela errepikatzen zizuten behin eta berriz.

Errepublikaren aldean 50.000 hildako inguru izan zirela kalkulatzen da; aginterik ezaren ondorioz. Beste aldean, berriz, 200.000tik gora hildako —gutxienez— eragin zituztela esaten da; agindua hori izan zelako.

Lagun asko ikusi al dituzu hiltzen?

Lagun-lagunak ez. Legutioko [Araba] batailan ikusi nuen hiltzen jendea gehien. Sarraski hutsa izan zen. Borrokaldi hura baino lehenago, tiro bakarra ere jo gabe hartua genuen guk herri hura; eta Gasteizera abiatzeko eta sartzeko aukera izan genuen, baina ez zitzaigun horretarako agindurik eman. Otxandiora bueltatzeko agindu ziguten, eta han geundela, herria bonbardatu zuten. Umeak. Ume asko hil ziren, ezeren errurik gabe.

Legutio aipatzen duzula, hara CNTko gizon eta emakumeak joan zineten. Oso gutxitan aipatzen da 36ko gerran emakumeak ere borrokalari izan zirela.

Hortxe [besoa pasillo aldera luzatuta] daukat argazki bat Bilbotik gurekin frontera joan ziren bost burkide emakumerekin. Gernikako arbola idatzi zuen George Steer kazetari ingelesak gezur andana idatzi zuen haien irudia txartu nahian: ilegorriak zirela, panpinak bezala margotuta zihoazela, anker aurpegia zeukatela... Begiratu argazkia, ikusiko duzu gu bezalaxe joan zirela gerrara [kaskoa buruan, uniformea soinean, irribarre zabala aurpegian, burkide gizonezkoak ondoan ageri dira bost emakume gazte]. CNTko emakume libertarioak ziren, ez beste ezer. Batzuek ez zituzten halakoak atsegin.

Gezurrak aipatu dituzula, gerra garaian eta ondoren batzuek eta besteek CNTren rola ezkutatu edo itxuraldatu egin izan dutela salatu duzu beti.

Espainiako terroristak eta lapurrak ginen gu, bai 1936ko uda aurretik bai ondoren, baina guk borroka asko egin genuen. Lehen indarra izan ginen altxamenduari erantzuten, eta, hala ere, denak gure aurka aritu izan dira gerora. Beti izan da horrela. 12 urte nituenetik naiz CNTkoa, eta nire etxera... uf... ehunka aldiz etorri izan da Polizia. Urrikoa gertatu zenean [1934ko urriko greba iraultzaileaz ari da] fitxatu ninduten. Sindikatua egun osoz zegoen irekita orduan, langabeak eta ahal zuen langileak hara jotzen zuelako. Sindikatuaren egoitzan eskolak hartzen genituen, zekienak ez zekienari erakusten zion. Jende askok ikasi zuen irakurtzen eta idazten sindikatuan. Terrorista titulua ezarri ziguten, baina CNT erakunde bakezale borrokalaria izan da. Ez zuen inork zapaltzea onartzen.

Komunistekin ondo konpontzen al zineten?

Bilbon komunistak hala moduzkoak ziren. Gerra galdu zen, besteak beste, CNTrekin ez zutelako lanik egin nahi. Bilbon anarkista gehiago zeuden komunistak eta UGTkoak baino. Garai hartan, CNT sindikatu indartsuena zen. Toki askotan, fabrikak-eta CNTkoen ideien arabera antolatuta zeuden, langileen esku.

Eta abertzaleekin nola moldatzen zineten?

Ez ginen ondo konpontzen, haiek ez zutelako nahi. Gerra betean ere CNTk errepublikaren alde borrokatzea erabaki zuenean, Agirreren gobernuak ezin zuen CNTrekin. Gaur ez bezala, CNT indartsua zen.

Eta gudariekin, ondo?

Gu bezalakoak ziren haiek guretzat.

Frontean bat egin zenuten denek.

Bai, han denak batera geunden. Eta batailoi batzuetan erantzuna antolatzen saiatu ginen, baina ezinezkoa izan zen.

Erantzuna antolatzeaz ari zarela. Altxamendua gertatu zenerako ere erantzuteko prest zeundeten. Nolatan?

Falangistak langileak probokatzen-eta aritzen ziren Bilbon kolpea jo aurretik, zurrumurru asko zebilen, eta guk arma batzuk lapurtu genituen. Armategietatik batzuk, zinpeko zaindariei-eta besteak. Altxamendua gertatu zenerako, horri esker, ez geunden esku-hutsik [Padinen etxetik hiru errifle, hainbat pistola, 32ko kalibreko errebolber bat eta karrokada dinamita atera zituzten]. Gerra hasi zenean, berriz, ez genuen armarik izan. Hemendik kanpo bai, baina Bilbon anarkistoi ez ziguten ez ordezkaritzarik ez armarik eman. Jaurlaritzako [Juan] Astigarrabiak [sailburu komunista] ez zigun eman nahi armarik, eta abertzaleek beldur handiagoa ziguten guri Francori baino. Ez zizuten mugitzen uzten, eta nolabaiteko kontra-iraultza horrela antolatu zuten.

Bilbora joan al zara aspaldi? Asko aldatu da.

Arkitektura aldetik bai. Gainontzean, ez dakit nik asko aldatu den. Ni umetan goseak bizi izan nintzen Bilbon. Oso goseak. Orain ere gero eta jende gehiago omen dago goseak, baina ez da erantzuten lehen bezala, behar bezala. Orain langileak ez du langile moduan pentsatzen.

Ikusi eta nozitu dituzunak ikusi eta nozitu ostean, ideia libertarioei eusten al diezu oraindik ere?

Bai, nire ideiei eusten diet oraindik, baina langileak ordezkatu behar dituzten sindikatuak estatuaren sosen kontura bizitzen ikusten ditut, eta ez naiz halakoekin fio. Sindikatu ordezkaria izatea negozio bihurtu dute batzuek. CNTn, langileok eusten diogu sindikatuari.

Bizitzan zorionekoa izan zarela uste al duzu?

Bai. Preso hartu gintuztenean teniente bi —neu bat—, bi andazain eta zauritu bat geundelako. Montejurrako Tertzioko erreketeek, harrapatu gintuztenean, arropa eta geneukan guztia kendu eta Francok sindikatuetan edo politikan ibili gabeko inor ez zuela fusilatzen esaten ziguten. Ni bete-betean nintzen fusilagarri. Paparreko ikurrak eta paper guztiak deseginak nituen atxilotu nindutenerako, baina, eta ez ninduten fusilatu. Nirekin atxilotutako beste tenientea bai, ezagutu egin zuten. Hura sarjentu izana zen frankistekin, eta Otxandion gure aldera pasatu zen.

Kontrako norabidean joan zirenak ere ezagutu zenituen presoaldian. Zaindari izan zenituen txapela aldatu zutenetako batzuk, idatzia duzunez. Nolakoak ziren?

Okerrenak haiek ziren. Beren iragana tapatzeko jokatzen zuten horrela. Mirandan bazen apaiz bat, gu bezala preso egon ostean txapela aldatu zuena. Gorriak ikusiarazi zizkigun zerua eta jainkoa ahoan...

Frankismoa hilda al dago, Felix?

Ez! [boza ozenduta] Haien ondorengoak ikusi besterik ez dago! Dena prestatu zuten hala gerta zedin, eta [Espainiako Alderdi Komunistako buruzagi Santiago] Carrillo bera ere horretarako prest agertu zen.