Amasa-Villabonan arrastoak arakatzen
Franco Amasa-Villabonako seme kuttun

1949ko abuztuaren 29an Santiago Mutio (Francoren alde leial jardun zuen bai gerran eta baita ondorengo urteetan ere) alkate zela Franco seme kuttun izendatzea erabaki zuen Villabonako Udalbatzak.

1Bistan da, gerra irabazi eta gero haren aldeko ekimenak ez zuen etenik izan eta irabazleek euren nahierara jarraitu zuten hura gurtzen. Inpunitatea bazuten horretarako. Eta erabili egiten zuten herritar xeheak euren men izateko.

Santiago Mutio, zen alkatea, Franco seme kuttun izendatu zutenean.

2001eko martxoaren 1ean (52 urte beranduago!) Euskal Herritarrok alderdiaren ekimenez, 1949ean Udalbatzak hartu zuen erabakia bertan behera uzteko proposamena aztertu zen Udalbatza berean eta onartua izan zen. Francok Amasa-Villabonako seme kuttun izateari utzi zion.

Francoren sinbologiaren aztarnak gurean

Gerra irabazi zuten, bai. Gero, Francok bere eskutan hartu zituen estatuaren funtzio eta ardura guztiak eta Estatu Berriaren oinarriak finkatzeari ekin. Testuinguru horretan erregimenak garrantzia eman zion gizarte zibilaren bizitzaren dimentsio denak kontrolpean izateari (osasuna, ekonomia, janaria). Artikulu honetan, Francok garatu zuen etxebizitza politika aztertuko dugu eta horretarako Tercio Oriamendi gisara estreinatu zen 96 etxebizitzaz osatutako proiektua aztertuko dugu. Egun, Oriamendi auzunea bezala da ezagunagoa. Historikoki Villabonan Casas Baratas gisara ezagunak izan dira etxe hauek. Eta bai merkeagoak ziren (ekonomikoki) baina beste maila batean, garestiagoak ere bai, ezkutuko helburua baitzuten, erosle-gaiei zehazten zitzaizkien baldintzak, oso exigenteak ziren. Lehena eta nagusiena, euren sindikatu bakarreko afiliatua izatea.

1955. urtean eta Gipuzkoako Antolakunde Sindikalak  sustatuta (Organizazion Sindical de Guipuzcoa), elizaren ondoan eta Villabonako toki egoki batean (sic), 96 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa abiatu zen. Helburua, azkar egitea zen eta tokiaren egokitasunak hori ahalbidetzen zuen. FET eta JONS alderdiak zuzen zuzenean kudeatu zuen egitasmo hau, une haietan Godofredo Barbe zen alkatea (alderdi bereko idazkaria ere izana zen) Udalbatzak zein aipatu alderdiak, etxebizitza egitasmo honen jarraitzen estua egin zuten.

Jesus Alustiza arkitektoak garatu zuen egitasmoa. Eta egitasmoaren zenbatekoa 778.889.19 pezetakoa izan zen. Arkitektoak eta bere laguntzaileek 142.562.13 pezeta kobratu zuten, euren zerbitzuengatik. Udalak erraztasun denak eskaini zituen bitartean.


 2Falange Española Tradicionalista y de las JONS egitasmoaren bultzatzailea. Iturria: Villabonako Udal Agiritegia,1954.

31955-1956 Plan de Viviendas Tercio Oriamendi. Iturria: Villabonako udal Agiritegia, 1956.

Kasu honetan, Udalaren kontu ziren argitegia, ur hornidura eta beste abar luze bat. Etxebizitzak desberdinak egin zituzten haien artean; espazioa  eraikitze moduaren arabera hiru kategoria antolatu zituzten.

Aipatu etxebizitza horietako bat egokitzeko, horretarako antolatu zen komisio moduko batean izena eman beharra zegoen. 120 familiek izena eman zuten. Bertan pentsamendu eta ideologia desberdinetako pertsonak zeuden. Tartean ziren errepublikarrak eta abertzaleak, gerran esangura berezia izan zuten hainbat ere, tartean, Laureano Lopez Eguiluz, Maria Leturiondo esate batera. Dokumentuetan ikusi ahal izan dugunez, Marcos Ortega Aldayri ukatu egin zioten aukera hori. Apuntatu zirenetako asko eta asko Salvadora lantegiko langileak ziren.

4

Etxebizitza aukera nortzuk izango zuten erabakitzen zuen komitea: Godofredo Barbe, Santiago Mutio Cruz Martinez eta Agustin Aristegi. Iturria: Villabonako Udal Agiritegia,1957.

Auzune berriari izena eman behar eta zer aproposagorik,  Tercio Oriamendi baino. Errekete boluntarioen batailoi baten izena eta hari omenez jarri zioten. Aipatu batailoia Donostian sortu zen, 1936 Gerrarako Junta Karlistaren ekimenez (bertan ordezkatuak zeuden garaiko hainbat agintari karlista eta Tradizioa mantentzearen aldekoak ziren, billabonatar hainbatek ere parte hartu zuen bertan); Gipuzkoan antolatu zen eta Oriamendi izena hartu zuen Oria mendia dela eta. Modu berean, erreketeen ereserkiak ere izen bera zuen. Erreketeen unitate hau agian berezienetako da; beste unitateak ez bezala Gipuzkoa osotik etorritako jendez osatu zelako. Ohikoena Francoren alde gerran aritzeko batailoiak antolatzen zirenean, herri bereko pertsonez osatzea izaten zen. Terciok ejertzitoaren batailoi bati egiten dio erreferentzia. Batailoi honen jardun eremu nagusia Bizkaia izan zen eta 127 hildako izan zituen.

Urteak beranduago, 1987an, gai hau berriro Udalbatzara eraman zuen Herri Batasuna alderdiak; Tercio Oriamendi izena kentzea proposatu zuelarik, izendapen berria, Gernika auzoa proposatuz (Gernika, bakearen sinboloa zelakoan, naziek haren aurka egin zuten bonbardaketaren ondorioz biktimak gogoan hartzeko). Garaiko udal aktak errepasatzen baditugu, Udalean ordezkaritza zuten alderdien aldetik ez zen adostasunik egon- Euskadiko Ezkerra zegoen agintean-. Herri Batasunak egindako proposamenaren aurka bozkatu zuten Udal Gobernuko alderdi denek. (Euskadiko Ezkerrak 4 boto, Eusko Alkartasuna 3 eta EAJko 1; Herri Batasunak 4 bozkarekin defendatu zuen). Proposamenak ez zuen aurrera egin. Euskadiko Ezkerrak, ordea,  Oriamendi izendatzea proposatu zuen (Tercio kenduta, bere konnotazioengatik). Euskadiko Ezkerrak, bere posizioaren arrazoia argitu zuen. Oriamendi auzuneko bizilagunen artean inkesta egin zuen aipatu alderdiak. Bizilagunei galdetu zieten, izendapen berriaren inguruan eta galdeketa horretatik ateratako emaitzak   aintzat hartu zituen.

Gaur auzune horrek, Oriamendi izena du.

5

Francoren itzala luzea da oraindik, kasik 40 urte iraun zuen gerra eta ondorengo diktadura aldia ezabatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Horren adibide nabarmenak ditugu gurean bertan, esaterako, Oriamendin, hainbat etxe ataritan Falangea eta JONSen sinboloa ezabatuta badago ere, oraindik hainbat etxe ataritan ikus dezakegu; ondo markatuta utzi zuten nork egin zituzten etxe haiek. Baita Villabona osoan zehar ere. Iturria: Aritza Kultur Elkartea, 2014.

67

Gaur, Udalarena den biltegi batean, Oriamendi etxeak eraiki ondoren ezarri zitzaien plaka erraldoia jasota dago, historiaren lekuko. Frankismoak egiten zuena, por dios, por españa y por el nacional catolicismo ondo adierazten zuten. Urteak beranduago, udal arduradunek, Franco hil ondoren, plaka kendu egin zuten. Iturria: Aritza Kultur Elkartea, 2015.

Obra Sindical del Hogar y Arquitectura. Por dios, España y su Revolución Nacionalsindicalista. Iturria: Villabonako Udal Agiritegia,1956.


1. Espainiako Antolakunde Sindikalaren (Organizacion Sindical Española) ordezkaritza Gipuzkoan. Sindikatu bertikala bezala ezagunagoa. 1940-1976 urte artean, aipatu sindikatu honek soilik garatu ahal izan zituen bere jarduerak. Beste sindikatuak, CNT, UGT, STV, kasu, klandestinitatera lerratuta geratu ziren. Sindikatu bakarraren inguruko xedapenak 1940eko urtarrilaren 26eko Batasun Sindikalaren Legearen bitartez inposatu ziren.

2. Inkesta horretan 50 pertsonek eman zuten bere iritzia eta horietatik, gehiengoa Oriamendi deitzearen alde zegoen; 22 Gernika izendapenaren alde atera ziren, 9 Tercio Oriamendirekin jarraitzearen alde. Herri Batasunak bere zalantzak agertu zituen inkesta egiteko moduaz eta hura egiteko baliatu zen laginaz, haiek, herri osoan inkesta egitearen aldekoak ziren.