"Ama beti gurekin egon zen. Amak hitz eginda zuen aitarekin Frenteak egiten zuen ibilbide berbera egitea, aitari jarraitu genion beti kartzelara eraman zuten arte"

1902 abenduaren 2an Villalba de Riojan (Errioxa) jaioa. Papergintzan jardun zuen hasiera batean eta ondoren Villabonan ikazkina izan zen. 1994 urtean urtarrilaren 21 hil zen, 92 urterekin. Bere hilotza Tolosan lurperatua dago, bere seme Narcisoren jabetzakoan, hain justu. Prudencia Ayala Victoriarekin ezkondu zen eta 3 seme ala izan zituen: Paulino,Narciso eta Carlos.

Paulinorekin bildu gara gu, lan hau egiteko eta plazera izan da. Aurelio bere aita zen eta mende erdia baino gehiago pasa bada ere, oraindik bere aita gogoratzean malkoak isurtzen ditu. Aurelio errepublikanoa zen.

Donostiako Kontxako badian metraila hotsak

1936 abuztua zen. Aurelio bere semeekin hondartzara joana zen. Condor Legio alemanak, Francoren laguntzaile leial gisara, Donostia metrailatu zuen.

Aureliok kabinara sartu zituen bere semeak babesteko. Egun horretan bertan, ez oso urrun, Villabonako emakume batek, Maria Leturiondok zauri larriak jasan zituen. Eta alaba ere galdu zuen han bertan.

Ihesaldiaren hasiera, lehen geldialdia Deba

Francoren helburuak, Gipuzkoa bere mendean hartzea izanik, Aureliok egoera zein zen ikusita, bere semeak babestea erabaki zuen. Prudencia ama eta 3 semeek ihesari ekin zioten babes bila, euren sorterria, Villabona utzita, Donostiara joan ziren (Prudenciaren izeba baten etxera), Aurelio Villabonan geratu zen.

Aureliok, bere anaia Paulinori jakinarazi zion faxistak dagoeneko Belabietan zeudela eta egokiena alde egitea izango zela. Aureliok bere asmoen berri eman zion, anaiari. Biek ihes egitea erabaki zuten. Handik, denak, Aurelio barne, errefuxiatu kondizioan Debako etxe batean harrera jaso zuten, beste familia batekin.

Handik Bilbora joan ziren, Begoñara hain zuzen ere. Han, Aureliok senide batzuk zituen. Bilbon ere Francoren tropak sartzen hasi ziren eta Aureliok Santurtzira joatea erabaki zuen. Bertan Aurelioren emazteak senideak baitzituen. Han ere metraila hotsak eta ihes egin behar, Prudencia eta bi semeak gordeleku batera sartu ziren, bitartean sirena jotzen zuten hegazkinak (kazak) bazatoztela adierazten zuten soinuak izugarriak ziren. Aurelioren seme txikienak ordea gaitza harrapatu zuen eta Aureliok bertan geratzea erabaki zuen, seme gazteena ohetik mugitu ezinik zegoelako. Beste bi semeak ezkutalekura, babes hartzera bidali zituen, amarekin. Aita, semea zapi batean bilduta zuela haiengana itzuli zen, Paulinok gogoratzen du nola anai gazteak negar egiten zuen eztandak zirela eta, gaixorik zegoen une berean. Bonbardaketaren ondoren ezkutalekutik atera zirenean, etxera itzultzeko, ez zieten etxera itzultzen uzten, jaurti zituzten bonba haietako batek etxearen ondoan lur hartu zuelako; itzuli zirenean, Aurelioren seme txikiena gaixo egon zen ohea bera, dena metrailak txikitutako horma zatiez beteta aurkitu zuten; Aureliok zuhur jokatu zuen eta ordurako ihes egina zen etxe hartatik bere semea besoetan hartuta.

Gerra: beldurra eta izua

Aurelioren seme Paulinok, 8 urte zituen. Santurtzin jolasten zebilela lagunekin, abiazioaren kaza batek metraila botatzen zuen etengabe. Beldurra eta izua gogoratzen du eta korrika, ezkutatzera. Bidean, gazte batekin gurutzatu zen, hura bizikletan, kaza baten metrailak bete betean eman zion gazteari, gogoratzen du nola lurrera erori zen. Berak, bere senide batzuen ile-apaindegira iristea lortu zuen. Gaztea, hilik ikusi zuen Paulinok. Kalea mutu, sirenak non nahi.

Llevame a Rusia aita

Santurtzin zirela Tolosako bi ezagunekin egin zuten topo. Haiek, zamorano bezala ezagutzen zuten errepublikar baten berri eman zien Aureliori, esanaz zaurituta zegoela. Aureliok, hospitalera joatea erabaki zuen bisitan. Paulinok gogoan du aitarekin han zirela, ospitalea eta guzti mugitzen zela, bonbardaketak zirela eta. Beldurrez dardarka gogoratzen du. Eta negar egiten zuela etengabe. Urteak beranduago aitak gogoraratu arazi zion zer nolako lotsak pasa arazi zizkion, etengabe llevame a rusia esanaz, apaiz batzuen aurrean, negar eta garraxika.

Aureliok Frentera borrokara joatea erabakitzen du

Santurtziko Udaletxean eman zuen izena. Izen ematen ari zen unean ere bonbardaketak gertatzen ari ziren. Aureliok borroka hastearekin bat, bere senideen sufrikarioak beste jauzi bat eman zuen. Paulinok, gogoratzen du, nola gizarte egoitzetara joaten ziren jan bila. Halako batean, hango langile batek, uko egin zien Santurtzikoak ez zirela argudiatuz. Amak, Prudenciak: "niri ez eman baina behintzat haurrei emaiezu jatekoa". Paulinok kontatzen du nola ama gizarte jantokiko zerbitzariarekin eztabaidan zegoela aita agertu zen, erretiradan, militarrez jantzita, aitak: Pruden, zer gertatzen da?", amak :"ez digula janaririk eman nahi". Apaiz bat zegoen han eztabaida garatzen zen bitartean.

Aita ikusi zutenean, ordea, berehalakoan eman zieten janaria. Paulino ziur da aita ez balitz agertu, jan gabe geratuko ziratekeela.

Aitarekin batera, Frentearen bidetik: Santurtzi-Santander-Pesues-Celis

Bilbo erori zenean, Francoren oldarraldiaren aurrean, errepublikar ejertzitoa erretiratzen hasita zegoen, jendea ihes egiten hasi zen Santander aldera (eta ahal zen tokietara), hartu ontzi guztiak eta ihesari berriro ere -Paulinok ezin die malkoei eutsi-. Ihesean zihoazela aitaren anaia orde batekin egin zuten topo ( ihes egiteko erabakia elkarrekin hartu zuten, Paulino Urbina Guinea, heriotza zigorrera kondenatua izan zen villabonatar hau ere), Gernikatik zetorren hura eta haiek beste alderako bidea egiten ari ziren, Frantzia alderantz zihoazen, ihesean baita. Tarte batean osabarekin hizketan jardun zuten eta hark esan zien: "ez joan Gernikara ze dena sutan dago".

Bidean aurrera egin zuten eta kilometro batzuk aurrera, aita bidean agertu zitzaien agurtzera; kamioi mordoa gogoratzen ditu Paulinok jendez beteta, denak ihesean. Errepideak jendez gainezka. Aitak, militarrez jantzita, haietako bat geratu zuen eta semeak eta emaztea igo zituen. Aureliok berriz, Frentean jarraitu zuen.

Helmuga Celis (Kantabria) zen, bertan egon behar zuten iheslari moduan. Euria ari zuen. Santanderren tren bagoi batean sartu zituzten. Han pasa zuten gaua. Santander bonbardatzen ari zirela entzun zitekeen. Goizean, trenak martxa hartu eta Pesueserako bidea hartu zuten. Ondoren, 16 bat kilometro egingo zituzten oinez, Celisera. Paulinok, gogoan du, eurekin batera Errenteriako beste familia batek, alaba lagun, haiekin batera lur hartu zuela. Familia hark, semea ere, Frentean zuen. Nora zoazte? Celisera... elkarrekin egin zuten bidea.

Etxe batean jasota egon ziren han, harrera etxe batean. Celisen zeudela bonbardaketak pairatu zituzten. Tropa errepublikarrak Celisetik pasa ziren batean, herritarrak agurtzera ateratzen ziren, behin frankista zen herritar bat, Francoren aldekokoak zirelakoan agurtzeko asmoz bandera espainiar bat altzoan agurtzera atera zen, errepublikarren tanke baten metrailadoreak bertan hil zuen aipatu gizona.

Kartzela eta lan behartuak aitarentzat, Villabonara itzulera senideentzat

1937 abuztuaren 26an, Santanderren Aurelio atxilotu zuten. Dueso (Santoña) kartzelan sartu zuten. Aitari jarraiki hasitako ihesak zentzua galdu zuen, honez gero. Aureliok, kartzelan zegoela epaiketa izan zuen (1938ko uztailaren 14ean, Bilboko Epaitegi Militarrak).

1939eko maiatzaren 12an Bilboko gerra auditoreak bere zigorra aztertu zuen eta libre geratu zen "al carecer de relevancia penal los hechos imputados" eta libre geratu.

Traste denak gainean hartu eta Villabonara, sorlekura itzuli ziren, oraingoan aitarik gabe. Amak lanean hasi behar izan zuen. Gauzak honela, Getarian kokatua zegoen kolegio batera eraman zituzten, bertan Villabonakoak ziren beste lagun batzuekin topo egin zuten, Lomatarrak[1] (hauek ere Francoren jazarpena pairatu zuten), familia honetako kide bat ere Frentean zen eta beste bi anai, berriz, kolegioan. Aipatu kolegioa, gaur egun Gurutze Santua monumentua dagoen tokian kokatua zegoen (Paulinok dioskunez garaitsu hartakoa da aipatu monumentua); handia zela gogoratzen du, eta han herri desberdinetako haurrak eta gazteak biltzen ziren. Bertan irakasleak zeuden eta ondo zaintzen zituzten oroitza du. Haietako batzuk, kanpotarrak zirela uste du, suitzarrak edo, ze Noruegako opilak eta ekartzen zizkieten maiz.

Paulinok gogoan du nola, hiriburu handiak (Bartzelona eta gisa honetakoak) Francoren eskuetan erortzen zirenean irakasle haiek nola ospatzen zuten. Castillotarrek eta Loma anaiek berriz, negar egiten zuten,ezkutuan hura ikustean. Horrek esan nahi zuenaren jakitun, aita eta anaia, hurrenez-hurren, Frentean baitzeuden.

Kolegioa amaituta, Villabonara itzultzeko bidea hasi zuen, Getariatik-Lasartera trenean eta handik Villabonara tranbian, bizkarrean arropa zakuak hartuta, bidean mota guztietako irainak jasan behar izaten zituzten (ordurako Francok hiriburu handiak hartuak zituen).

Anartean, aitak kartzelan zegoela epaiketa izan zuen eta libre geratu. Etxera itzuli zen. Pulmoniarekin etorri zen etxera.

Villabonan gauzak ez ziren errazak izan

Villabonako aguazila Amasako mutil batek lagunduta (ez dugu izenik aipatuko) agertu zen etxean eta Aurelio ikusi nahi zutela, gelara sartu ziren eta aguazilak esan zion mutilari: hau al da? eta hark: bai hau da. Ondoren Guardia Zibila etorri zen Aurelio atxilotzeko asmoz.

Familiako medikuak, Jesus Alustiza doktoreak, aurre egin zien: "nere ardurapean gizon hau ez da hemendik aterako gaixo dago eta". Sendatu zenean, ordea, berriro itzuli ziren eta eraman zuten bere aurkako akusazioa hauxe zen: "asesinar y detener personas de derechas".

Paulinok eta bere senideek argi dute, lehen aldian Aurelio zigortzea lortu ez zutelako, Villabonan bertan eraiki zirela Aurelioren aurkako akusazioa gero hura espetxeratzeko.

Aurelioren emazte Prudenciak, ausart aurre egin zien haren senarra salatu zutenei, Amasako gaztearen anaiarekin hizketan aritu zen: "por tu hermano ahora estos niños no tienen padre" besteak berriz "nere anaiak ez du errurik, bere borondatearen aurka egin du, behartu egin dute". Castillo familiak inoiz ez du jakin zergatik eta nork behartu zuen eta are gutxiago zergatik.

Berriro atxilotuta: Batallon de Trabajadores

Bilboko espetxea (Eskolapioak) eta Batallon de Trabajadoresen artean, osotara, Aureliok beste hiru urte eman zituen Villabonatik kanpo. Deustu eta Tudelako batailoiak ezagutu zituen.

Amak lan egin behar izan zuen gogotik; Donostian bilatu zuen lana, Correos Hotelean, senide baten laguntzaz. Semeak zaintzera, Errioxatik lehengusina bat etorri zen, 16 urte besterik ez zituen. Baina, laguntza bakarra senideak ziren.

Kartzelatik irten ostean Aurelio Villabonara itzuli zen. Lanean hasi behar izan zuen, ahal zuen moduan. Papergintzara itzultzen saiatu zen baina, ez zuen aukera izan (Francoren alde borrokatu zutenek omen zuten lehentasuna). Gerora lortu zuen aurreko lanbidera, papergintzara itzultzea. Ikazkin ere jarraitu zuen.

Villabonan ere mota guztietako irainak jasan zituzten. Paulinok kontatzen du nola Villabonan, meza nagusia zenean, igandetan, desfileak egiten zituzten: fletxak, pelaioak eta margaritak -emakume saila - fletxak falangistak ziren eta pelaioak karlistak, denak Francoren alde. Paulino eta haren senideek makina batetan gorriak oihuak entzun behar izan zituzten haien aldetik. Paulinok, beldurra hitza darabil une haiek deskribatzeko.

Villabonan zela ere, bere aurkako atxilotze aginduak iritsi ziren Andoaingo Guardia Zibilaren komandantziatik. Subijana familiako kide bat izan omen zen, atxiloketa indiskriminatu horiek amaitu beharra aldarrikatu zuena eta betearazi zuen. Gertukoa zuten frankistek.

Nagusia 40 Casa Cuartel: errepublikarren bilgunea

Aurelio kartzelan zela, bere senide eta gisa berean errepublikaren aldekoak izateagatik senarrak edo semeak kartzelan zituzten hainbat familia biltzen ziren. Nagusia 40ean biltzen ziren, 2. pisuan, Aurelioren anaiorde Paulinoren etxean, aipatu moduan hura heriotza zigorrera kondenatua izan zen.

Aureliok eta bere senideek bizi behar izan zuten jazarpena izugarria izan zen. Esaterako, Aureliok jakin zuen, bera eta beste hainbat herritarren izen eta abizenak agertu zirela Amasako elizaren portikoan, fusilatuak izateko kandidatu moduan.

Aurelio, askatasunaren aldeko borrokalari handi bat. Eskerrik asko.

Paulino Castillo, Aurelioren semea

 


1. Aipagarria da, Lomatarrak hiru anai ziren eta haietako bi ere Santoñan atxilotuak izan ondotik espetxean egon ziren.