Espainia eta Euskal Herriaren arteko harreman diplomatiko eta politikoetan, ikus dezakegu urteak eta hamarkadak pasa arren, gauza batzuk bere horretan dirautela.

1Atzo bertan (2014ko urriaren 31) Servini argentinar epaileak "ausardia" erakutsi zuen Martin Villa bezalako faxista baten atxilotze agindua emateko (Espainian, ez ezker ez eskuin inoiz ausartu gabe) eta atzo bertan Andoni Ortuzarrek (EAJko buruzagia) Berria egunkarian (2014ko urriaren 31) "heldu da ordua autonomia estatutua betetzeko; horrela baikortasunez aurre egin ahal izango diogu etorkizunari, estatus politiko berri horri".

Zer aldatu da hemen? ba nik esango nuke deus gutxi. Posizioak bere horretan daudelako.

Artikulu honek ederki adierazten du gaurkotasun osoa duen eztabaidaren gako nagusia. Espainiar Konstituzioaren euskal bertsio bat aldarrikatu izan du historikoki EAJk, autonomia, autogobernua, Estatuarekin akordio bat, (garai batean argudio katolikoek indar berezia zuten artikuluan ikus daitekeen moduan, gerora eta gizartearen modernizazio eta garapenak EAJren baitan erlijioaren pisua bigarren lerro batera eraman badu ere euren ideologia eta pentsamenduaren oinarriak eskumaren baitan kokatu behar dira); beti saiatu izan da, aldez edo moldez, Estatuarekin puskatu gabe, Estatu akordio bat erdiesten, horretan ari da uneotan ere EAJ, Espainiarekin akordioa eta negoziazioa bilatzen du. Espainiar Estatuak EAJ beti aliatu beharrezko izan du eta euren arteko harremana ia beti maitasun istorio ezinezko baten moduan irudikatu bada ere, sokari eusten diote. Eta nahierara seduzitzeko gaitasun ederra izan du, gainera.

Artikulu honetan ederki suma daiteke, EAJk estatutuaren bitartez, historikoki pentsatu izan duela, posible dela Euskadik (sic) bere berezko nortasuna mantentzea, Espainiar Konstituzioa eta legeriaren barruan. Ez dagoela, inolaz ere Espainiar joko arautik atera eta herri bezala egitasmo burujabe bat eraikitzeko beharrik. Ez lehen eta ez orain. EAJn gero eta sektore zabalagoak jakitun direla ere bistan da 78 urteren buruan euren apustuak huts egin duela eta nago uneotan EAJren baitan eztabaida hau gori gorian dagoela. Dena den, Urkuluk jarraitzen du Raxoiri bilerak eskatzen; honek ez dio erantzun ere egiten.

Artikulu honek, bestetik, EAJren oinarri ideologiko eskuindarra nabarmen adierazten du. Eliza katolikoarekiko harremanak gurutzeak kenduko dizkigute ikastoletatik...eta nabarmena da eliza katolikoa erabat lerratua zegoela Francorekin diktadurarekin. Beraz, hecho diferencial vasco hori aldarrikatu bai baina gero egunero praxian, motz.

Kasu hau Villabonara ekarrita, Estatutuaren garapen eta defentsan sutsuen jardun zuen Villabonako EAJko alkate Valeriano Saizar, fusilatua izan zen 1936eko urriaren 9an, Orioko gainean, Francoren soldaduek ihesean zihoala atxilotu eta hil zuten. Guk elkarrizketatu ditugun lekukoek eta eskuartean ditugun dokumentuek, argiki adierazten dute, Valerianoren aurkako akusazioak, herrian bertan eraiki zirela. eta frankistak sutsu egin zutela bere erditik kentzeko.

Eta nire erreflexioa da, zertan ari gara? Eta nago, hau ez dela kasualitatea, guzti honek, egun gure herriak bizi duen abagunea ederki azaltzen duela.

Bigarren artikuluari erreferentzia eginez, bistan da EAJk, Estatutoa beti Euzkadiren txar denak konpontzeko pozima saindu gisa saldu duena. Estatutoa EAJk beti baimen eske baten moduan erabili izan du; baimena eskatuko diogu Estatuari hau egin dezagun eta saiatuko gara harremanak sano onak izan daitezen gatazka saihesteko. Estrategia horren barruan, tarteka, gure oinarri ideologikoaren zerarik ilunenak aterako ditugu kanpora (Espainiarrak emagalduak, beltzak, edariari emanak...) azken batean xenofobia kutsu gehiago duten argudioak, benetan Espainiarekiko harremanak maila politikoetan kokatzea baino. Barcinak ere antzekoa egiten du que vienen los vascos esaten duenean. Euskal Herriak Espainiarekin historikoki gatazka politikoa izan duela eta egun gatazka horrek bere horretan irauten duela onartzea baino egokiagoa suertatu zaio.

EAJk ordea, ahazten du eta nahita gainera, euskaldunok historian zehar, gaitasuna izan dugula herri gisa gure buruaren gobernantza egiteko. Eta historian zehar badaude horren adibideak, Foruak esaterako.

EAJren arazoa nagusia da, herri honi eskaintzen dion aukera politiko erreala Madrilen sinatutako dokumentu batean oinarritzen dela. Hots Martin Villaren, altzoan politikan ari direnen baimenarekin eraiki nahi duela Euzkadi. Baina Euskal Herria hori guztia baino zabalagoa da. Eta EAJk huts egin du estrategia horretan. Santoñan hasi zen huts egiten jada 1939an. Italiar militarrekin paktua egin zuenean. Nire herriko errepublikar batek errendizioa deitzen dio.