“Las mujeres nunca descubren nada; les falta, desde luego, el talento creador, reservado por Dios para inteligencias varoniles; nosotras no podemos hacer más que interpretar, mejor o peor, lo que los hombres nos dan hecho”. (Pilar Primo de Rivera, 1942)

Artikulu honetan, gerra zibila (1936-1939) eta frankismoaren lehen aldian, ilea moztu eta akain olioa emanez, publikoki umiliatu zituzten Amasa Villabonako emakumeen kasua aztertuko dugu. Azken bost urteetan garatu dugun ikerketak[1] eta ahozko iturri zen dokumentazioaren azterketa oinarri hartuta, gutxienik, hiru emakume hauen kasua baieztatu ahal izan dugu. Ez ziren bakarrak izan, seguruenik.  Gerra amaitu eta ondorengo urte luzeetan, emakume errepublikano zein abertzaleek, errepresio zehatz eta gordina jasan behar izan zuten (modu berezian faxisten aurka borrokan jardun zutenen emazte eta alabek). Hori aztertzea du helburu artikulu honek, badu bigarren bat ere, ikerketa osoaren zeharkako helburua dena gainera, historiografia ofizialak ahanzturara kondenatu dituen emakume hauei izena eta izana ezartzearena, alegia. Beste hiru larrosa, Amasa Villabonakoak hauek, iraindu eta umiliatu nahi izan zituztenak.

Espainiako gerrate zibila eta frankismoaren ikerketa historikoan, emakumeei ilea moztu eta akain olioa ematearena gutxi aztertu da eta larritasun nabarmena du, eragin zuen sufrimenduaren neurria aintzat hartzen badugu. Gertaera hauek aztertzeko unean, adierazle kuantitatiboak aztertuta, emakumeek jasan zuten jazarpena gizonezkoekin alderatuta, kopuruz txikiagoa izan bazen ere, emakumeen aurka beste biolentzia batzuk erabili ziren, modu orokortu zein planifikatuan, ikusezinagoak, ez hain normatibizatuak, agiri ofizialetan jaso gabeak eta modu erabat arbitrarioan gauzatuak; etengabeko umilazioak, jazarpenak, erasoak, bortxaketak, degradazio sozialak, euren eguneroko bizitza aurrera eramateko unean ezartzen zitzaizkien zailtasun etengabeak, etxegabetzeak, desterruak. Oso agerikoa da  batez ere, euren senarrak espetxean, langile batailoietan edota ihesean zeuden bitartean hainbat emakumek jasan zuten etengabeko jazarpena. Gizonezkoaren kalbarioa ezagunagoa izan da nolabait, emakume hauena isilean pasa da, ordea. Frontean hil edo zauritu zirenak ez ziren izan soilik diktaduraren biktimak, zerrenda askoz ere luzeagoa da.

Hiru emakume, hiru izaera, bazuten ordea komunean ezaugarri bat : Francoren ordezkariek Amasa-Villabonan, gorriak[2] zirela erabaki zuten (rabiosas separatistas). Eraso hau ez zen ordea, epaitegi baten eskutik iritsi. Ez zuten epaiketarik jasan baina epaituak izan ziren eta kondenatuak, ordena inposatuaren -frankismoak defendatzen zuen gizarte ereduaren- aurka zeudela kontsideratu zuten garaiko agintariek; frankismoak, bere estatu eredua inposatzeko unean, bi zentzutan, emakume hauek arazo gisara ikusten zituen, batetik emakumeak zirelako, bestetik, errepublikaren balioak eta gizarteratzen zituztelako, eta erantzukizun hori nolabait zigortu nahi zuten; errepublikaren alde borrokan ari zirenei (gudu zelaian bertan) erasotzeko arma egokiak ziren emakume hauek, haien gorputzak erasotuz, mendekua hartzen zuten errepublikar zein abertzaleekiko. Bestalde berriz, frankismoak bere botere ahalguztiduna denboran mantentzeko argi zuen, botere politiko, ekonomiko zein militarraz gainera, txikituta zegoen lurralde oso bat berrantolatu behar zuela Estatu Berriaren ideiaren bueltan eta zentzu horretan emakumeak zutoion inportantea ziren, apurtua zegoen gizarte ehundura hori josteko. Eliza katolikoak baliatu izan duen diskurtso hori eurena eginda, gizarte bizitzaren esparru guztietara eramanez. Dena kontrolatu nahi zuten.

 

Ezarritako ordena soziala apurtu zuten errepublikano zein abertzale denak, etsai politikoak ziren frankistentzat, ez zutelako eurek defendatzen zuten estatu eredua defendatzen; emakumeen kasuan gainera, sarri frankisten terminologian irakurri dugun legez "kaleari eman zioten"[3] emakume hauek; II. Errepublikaren zehar, ausardiaz aurre egin zieten modu aurrerakoi eta transgesoreak baliatuz, espazio publikoa inbaditu zuten errepublikarrek, eta bistan da, kalea gizonezkoen eremua zen frankistentzat. Gonzalez Durok[4] dioen moduan: "...las rojas habían subvertido el orden natural, atentando contra la moral publica...los calificativos que les atribuyen a todas la mujeres del bando perdedor en la guerra, que debían haber permanecido en el espacio privado que supuestamente les era el propio. Pero lo mas escandaloso era el haber "combatido" como miliciana, aunque solo hubiese sido haciendo tareas de vigilancia o control" .

 

Rabiosas separatisten aurkako eraso planifikatuak

El rapado público de pelo tenia la virtualidad de hacer que las mujeres transgresoras del orden tradicional, siguiendo los dictados de la Segunda Republica, volvieran al ámbito privado del hogar, avergonzadas y "marcadas" para siempre...[5]

 

Amasa Villabonan ez ezik, zigor modalitate hau modu orokor batean erabili zuen erregimen frankistak bere mendeko lurralde guztietan. Nafarroako Zintruenigon esaterako, Villabonan hau guztia gertatzen ari zen bitartean "dos barberos se encargaron de la tarea y uno de ellos cobraba por raparlas. Las bromas y las burlas completaban el escarnio, que aumento al obligarlas a desfilar, conminándolas a que gritaran "! abajo las putas! !Viva la Guardia Civil!". Y a las viudas les saquearon sus casas, las insultaron y les incautaron tierras y alimentos".[6] Erregimenak bere ordena inposatzeko eta berrogei urte luzez agintean izateko, moralaren inguruko diskurtso bat eraiki zuen; honela, aurka zegoen emakumea zigortzeko bere berezko genero zein sexualitateari lotutako hainbat delitu sortu behar izan zituen. Kasu askotan, horiek berak izan ziren emakumeak espetxeratzeko nahikoa arrazoi. Kasu oso gutxi daude, emakumeak odol delituengatik zigortuta, asko ordea, moralaren inguruko delituengatik: zikinak, gorriak, marxistak, perbertsoak, separatistak zirelakoan... Beraz, zigor eredugarria emateko hauxe zen modu bat, publikoki eginda, emakumeak bizitza guztirako herriaren aurrean lotsagarri aurkeztuta. Bere nortasunari eta emakume izaerari eraso egitea praktika errepresibo orokortu bihurtu zuen frankismoak gerra amaitu eta ondorengo urteetan. Bere hegemonia bermatzeko beste bide bat. Gerra irabazi zuten eta hori herriz herri erakutsi egin behar zen. Halaxe adierazi zuen Bilboko alkate Areilzak 1937ko uztailaren 8an: "ha triunfado España, una, grande y libre, es decir, la España de la Falange Tradicionalista. (...) Aquí, nada de pactos ni agradecimientos póstumos, ley de Guerra dura, viril e inexorable. Ha habido, vaya si ha habido, vencedores y vencidos"

  

Guzti hau, modu antolatu batean egiten zen eta horretarako herriz herri prestatuta zeuden aparatu paramilitarrak zituzten (falangistak, erreketeak, guardia zibilak...). Garaiko autoritateek, militarrak barne, oso jakitun ziren zer gertatzen ari zen eta haien babes osoa zuten paramilitarrek hori guztia inpunitate osoz egiteko. Guztiaren gaineko kontrola erabatekoa zen. Desfileak, falangistek antolatzen zituzten eta eskualde guztietako jendeak parte hartzen zuen, umilazioak ez zuen parekorik. Ilea mozten zieten emakumeei eta gero berriro bizitza publikora itzultzen zituzten. Ondo antolatuta zuten dena.

 

Angeles Carazo Cabezas residía en Langas de Duero (Burgos)...con frecuencia llegaba un coche falangista desde otro pueblo, con sus camisas azules, y se llevaban a unos cuantos. No sabía si a ella la llevarían algún dia. De momento, se limitaban a gritarles "! putas rojas!...nunca supo porque se la trataba de aquella manera, hasta que un día recordó que el cura del pueblo, que era el que mandaba junto al alcalde, le reprochaba que no fuera a confesarse y que tampoco fuera a misa...luego la pelaron...[7]

 

1937tik aurrera eta 1940 amaiera bitarte, errepublikaren alde jarduteaz akusatuta, epaiketak abiatzen hasi ziren, tribunal militarretan, aginte militarren eskutik. Epaiketa sumarisimoak burutuz eta sarri askotan, espetxe aldiko urte gehiengoa ezarriz. Gero, haien errebisio prozedurak eta egiten baziren ere, zaurgarritasun juridikoa erabatekoa zen, atxilotu zein haien senideetzako. Gehienetan, modu orokorrean, altxamendu militarrean parte hartzeaz akusatzen zituzten (batez ere gizonezkoak); bestetan ordea, akusazioak moralaren esparruan kokatu behar dira: gorriak izatea, ezkertiarrak, "de conductas inapropiadas"... Esate batera, Antonia, Benita eta Saturninaren aurkako epaiketan akusazio nagusia, bozka Fronte Popularrari bozka eman izana da, hura hauspotzen zutelakoan. Epaile militarrek, zigortzeko, errebelio militarraren tipifikazioa baliatzen bazuten ere, egiazki, epaitzen ari zirena ia beti jarrera sozial eta moral zehatz batzuk ziren, pentsamendu bat, familia jarduneko militantzia politiko zehatz bat.

 

Falangearen emakumeen atalak, emakumeei zuzendutako formakuntza esku liburu batean hauxe irakur daiteke: “A través de toda la vida, la misión de la mujer es servir. Cuando Dios hizo el primer hombre, pensó: “No es bueno que el hombre esté solo”. Y formó la mujer, para su ayuda y compañía, y para que sirviera de madre. La primera idea de Dios fue el ‘hombre’. Pensó en la mujer después, como un complemento necesario, esto es, como algo útil”.

(Sección Femenina. Formakuntza politiko-soziala, Batxillergoko lehen maila, 1963[8])

 

Juliana Berakoetxea: begira zer egin didaten zure lagunek!

 

Antzuolan jaio zen 1910. urtean. 1992ko ekainaren 24ean hil zen Villabonan, 82 urterekin. Villabona eta Zizurkil artean egin zuen bere bizitzaren ia zati osoa. Portu lantegian lan egiten zuen, papera neurtzen eta metatzen. Gerrak eztanda egin zuenean, bere osabari esker, (Donostian kokatua dagoen Polloe hilerriko arduraduna zen) Juliana bere senide guztiekin batera Donostiara abiatu zen, bertan ezkutatu ziren, osaba Polloeko hilerrian bizi zela baliatuta, etxean prestatu zieten soto batean. Gero, Zizurkilera itzuli ziren. Antza, etxetik atera ezin egon zen Juliana bere familia osoaren antzera, ibiltzeko baimenik edo salbokonduktorik[9] ez zutelako eskuratu, Villabonan nahierara ibiltzeko. Bere osabak, Donostiako Udalean zituen ezagunen bitartez hango abokatu baten laguntza eskuratu zuen Julianak, hark gestioak egin omen zituen Barbe alkatearekin aipatu ibiltzeko baimena emateko. Barbek Villabonan plazan zuen dendan itxaron omen zuen abokatuak, bere helburua lortu arte: Julianarentzat kalean ibiltzeko baimena.

Gauzak ordea gordin zeuden, Juliana, bere etxean zela, bila joan omen zitzaizkion eta gogoz kontra atera arazi ondoren ilea moztu zioten, akain olio eman zioten baita, izugarrizko tripako minak eta beherakoak eragiten zizkion. 26 urte zituen. Egun batean baino gehiagotan ibili arazi omen zuten, Guardia Zibila eta herriko falangearen jarraitzaile eta haien emazteen irribarre eta burla artean kalean Berrian gora eta behera. Saiatu omen zen egoera hura lausotzen, egun batean bere aitonaren txapela eraman omen zuen burua estaltzeko, alferrik ordea, txapela gabe itzuli omen zen etxera.

Juliana, ez zen zehazki inolako alderdirekin lerratu. Bere ingurukoen esanetan, Julianak oso pertsonalitate indartsua zuen eta ez zuen inoiz barkatu falangistek bere nortasunaren aurkako egindako halako erasoa. Julianak adorea erakutsi zuen egin ziotena salatzeko, hartara, Juan Barbek kale Nagusian zuen dendara joan eta aurre egin zien, azken hau, Falangeko burua zen Amasa Villabonan baita alkatea ere gerrak eztanda egin zuenean: begira zer egin didaten zure lagunek!!!. Julianak ile luzea ibili ohi omen zuen, hura gertatu zenetik ordea, inoiz gehiago ez omen zuen ile luzea utzi.

 

Antonia Astiasaran Alkain: gure duintasunaren aurkako erasoek ezin dute iraultza geratu

 

Zizurkilen jaio zen 1901. urtean. Fraisoron lan egin zuen arropa garbitzen. Lucenin (Zaragozan), desterrura kondenatu zuten herrian bertan, hil zen 70 urterekin. Angel Gorritxorekin emaztea eta 10 seme alabaren ama. Angel Gorritxo UGTko kide destakatua zen Villabonan. Fronte Popularrarekin batera, UHP bataloietan borrokan jardun zen Santoñako Itunaren ondotik Santandarren atxilotua izan zen arte.

Ez zen alderdi zehatz batekin lerratu. Antonia eta Angel senar emazteak, ikuspegi sozialetik oso aurrerakoiak ziren. Komunista amorratuak[10], euren bizitza osoan zehar balore sozial horietan bizi izan ziren. Euren pentsamenduarekin kontsekuenteak izan ziren azken une-arte. Euren konpromiso politikoak asko eragin zuen familia-bizitzan. Aita eta ama, biak kartzelan egonik seme alabek han eta hemen bilatu behar izan zuten aterbe. Tartean, frankismoak berak, haien semeen harrera eta ongintza ardurak bere gain hartu zituen, 10 urtez egon ziren bi (Leoncio eta Jaime) seme Ongintza Etxean, 16 urterekin hura utzi behar izan zuten arte. Gorritxotarrak, Elizaren Katolikoaren aurka zeuden eta ez zituzten haien seme alabak bataiatu.

Antoniaren eboluzio politiko ia osoa bere senarraren konpromiso politikoak baldintzatu zuen. Bere senarra frontean eta espetxean zegoen bitartean: bere aurkako epaiketa sumarisimoa, espetxea zigorra, ondoren kommutazioa, ondasunen bahiketa guztia (haien etxea errekete boluntarioak atseden hartzeko baliatu zuten), desterrua Zaragozara.

Antoniari ilea moztu eta akain olioa eman zioten. Haurdun zegoen gainera, akain olioa eman ziotenean. Ilea moztu zioten zerora, frankistek. Eta Villabonako kaleetan ibili arazi zuten. Frankisten emazte eta senideak barre algaraka ari ziren bitartean. Herriko bandak ere musika jarri zuen, basakeria hori laguntzeko.

Antonia, herri denaren aurrean lotsarazi nahi izan zuten, bere senarraren militantzia ukatu zezan eta bere egoeraren errudun bihurtzeko sentimendua sortzeko helburuz. Antonia, bere izana eta izenari uko eginarazteko, herri denaren aurrean torturatu zuten.

Tolosako epaile militarraren aginduz, Antonia 1937ko urriaren 19an atxilotu zuen Guardia Zibilak goizeko 11:30etan; Tolosako espetxean atxiki zuten preso. Hilabete bereko azken egunetan, Donostiako epaile militarraren eskutan geratu zen bere espedientea. Bost hilabete beranduago, 1938ko martxoaren 29an berriz, Guardia Zibilek, Tolosatik, Ondarretako espetxera lekualdatu zuten.Espetxean zela haurra galdu egin zuen. Mercedes izena izango zukeen. Gero, alaba gazteenari Mercedes izena ezarri zioten.

1938ko abuztuaren 24ean, bere aurkako gerra kontseiluaren sententzia berretsi zen, non 8 urteko espetxe zigorra ezarri zitzaion (ikus 253-1938[11] kausa sumarioa). Excitación a la rebelion militar egin zuela Antoniak ebatzi zuen tribunalak. Ez zuten bera bakarrik epaitu, Villabonakoak ziren beste bi emakume ere kausa berean epaituak izan ziren - Benita Arteaga eta Saturnina Ramila-. Hiru urte espetxean eta beste biak etxean. 1940.eko abuztuaren 9an, Bilboko gerra auditoreak, espetxealdi arina onartu zuen, etxean betetzeko baldintza inposatuz.

1941eko urtarrilaren 4ko data duen dokumentu batean ikus dezakegu nola epaileek informazioa[12] eskatzen duten Villabonako Udalari zuzendatuko idazki batean, ordurako bere behin behineko askatasuna prestatzen ari ziren eta azken erabakia hartu aurretik, herrian haiek zituen ordezkarien iritzia eskuratu nahi izaten zuten. Udalak, zuzenean Juan Barbe alkatearen sinadurarekin informeak bidaltzeaz gainera. Villabonako Falange alderdiak ere informeak bidali zituen. Bi kasuetan sinadura pertsona berberarena da.

1942ko urtarrilaren 18an, kasik urtebete beranduago, aske uzteko deliberoa iritsi zen, hori bai desterruarekin, Villabonan bizitzeko debekuarekin. 1942ko martxoaren 25etik aurrera Antoniak bere bizilekua Lucenin (Zaragozan) kokatu zuen, desterruaren ondorioz. Hastapen batean, ezkutuan hainbat bidaia egin zituen Villabonara (bere semeak hemen jaiotzea nahi baitzuen) baina gerora, Antoniak Villabonarekin zuen harreman guztia eten egin zuen. Bere senideen esanetan, aho zapore mingotsa izan zuten senar emazteek Villabonarekin, bertan jasan zuten jazarpena izugarria izan zelako.

Bere egoera juridikoa, ordea, ez zen 1946ra bitarte lasaitu, nahiz eta gerra 1939an amaitu.

 

Petra Vidaurre: nortasunari eraso

1894.urtean jaio zen Deban, Villabona izan zuen bizileku, bertan hil zen 1962an. Haren senideek oso emakume alai eta kantuzalea bezala gogoratzen dute. Etxeko zereginetan jardun zuen, josteko eta trikotatzeko abilezia oso nabarmena omen zuen. Antzerkia zalea. Bere emakume nortasunarekin ere oso harro zegon emakume baten gisan gogoratzen dute. Nortasun handiko emakumea haien esanetan. Petra Vidaurre ez zen alderdi zehatz batekiko atxikimenduan nabarmendu; bere anaia Gillermo[13] EAJko arduradunetako bat zen Villabonan.

 Gerra amaituta errepresioak bere gorena jo zuen eta testuinguru horretan, ilea moztu zioten frankistek Petrari beste hainbat emakumeri antzera; pasilloa egin arazi zioten Villabonako kaleetan bandera espainola bizkarrean hartuta, emakumez inguratuta, frankisten emazteak gehien batean, barre eta algaraka zirela. Ziurrenik Petrari ilea moztu eta akain olio ematean, erregimenak, Petra umiliatzea baino gehiago, beste helburu bat ere bilatzen zuen, bere anaia eta oro har Villabonako mugimendu abertzalea zigortzea. Erregimenaren helburu makabroak ederki planifikatuak zeuden.

 

Ondorio batzuk

Maud Joly[14] historiagile frantziarrak sakon aztertu du emakumeen aurkako jazarpen guzti hau Gerrate Zibilaren testuinguruan, berak "represion sexuada" kontzeptua baliatu du hura esplikatzeko. Erregimena, bere hegemonia eta boterea erakusteko, azkar konturatu zen gerra egiteaz aparte, errepublikaren balio eta haren aldeko ekarpenean ezaugarritu ziren herritarrak zigortzeko modurik egokiena izan zitekeela haien emazte zein familiei eraso zuzena egitea  zigor erantsi moduan, honela, gerran errepublikaren alde ari ziren edo aritu ziren gizonezkoak eta gertuko senideak umiliatzeko beste modu bat; emakume haien gorpuak eta nortasuna bera baliatzea hobetsi zuten atakerako, argi baitzegoen, haiek umiliatuz publikoki, Villabonan geratu ziren senideen bizitza etengabe zailduz... ihesean, klandestinitatean edo borrokan zeudenek amore eman zezaten. Guzti hau, ezin dugu ahaztu familiaren ikuspegi kristauak indar handia zuen testuinguru batean, bistan baita frankismoa zerbaitek sostengatu bazuen, besteen artean Eliza Katolikoa izan zela.  Azken honek, emakumeen edertasuna kanona ilearekin identifikatzen bazuen, ilea moztea bezalako eraso batek (kasu batzetan bekainak ere) zituen inplikazioak ulertzeko markoa eskaintzen digu. Emakumearen edertasuna ilearekin lotzen zuen erregimen berak, ilea mozten zieten erregimenaren aurkakoak kontsideratzen zituenei. Makabroa da zinez kontakizuna.

Entzun dut, esan didate bat nahikoa zen pertsonak zigortzeko. Nahikoa arrazoi hogei ta hamar urteko zigorra ezartzeko. Baina askoz gehiago izan ziren, ordea, inolako epaiketarik gabe, ilea moztu, akain olioa edanarazi eta herriko kaleetan ibili arazi zituztenak, jendea barre algaraka zela. Instituzionalizatu gabeko eraso planifikatu eta neurrigabe batean aurrean gaude.

Iduri luke gerra amaituta gauzak lasaitu zirela, baina ondoren diktadura eta sufrikario aldi luzea etorri zen, ordena inposatua eta Estatu Berriaren mandatu pean bizi ez ziren herritarrentzat, batez ere. Gonzalez Durok 1962. urtean oraindik ile mozketa eta akain olioaren erabileraren kasuak ziurtatuak ditu. Autore berak jasota du, hainbat intelektualek ( Jose Bergamin, kasu), frankismoaren ankerkeriak salatu zituztena, praktika zehatz honen inguruko kexa agertuz, horretarako, Manuel Fragari[15]gutuna helarazi zioten, ankerkeria horiek guztiak bertan behera uzteko eskatuz. Alferrik, ordea. Jarraitu zuten emakumeak umiliatzen.

Ile mozketak egiteko ez zen inolako agindu judizialik behar. Falangistek, erreketeek, Guardia Zibilek, modu arbitrarioan, inolako eskrupulurik gabe egiten zuten. Bazuten hori egiteko nahikoa babes politiko eta juridiko ere. Estatu Berriak bere jaun ahalguztidunarekin aukera guztiak zituen nahi zuena egiteko, nahi zuen moduan.

Emakumeen aurkako jazarpen honen inguruko dokumentaziorik ez dugu aurkitu. Ez zuten idatzi emakumeen aurkako jazarpen espezifiko hau. Beraz gure konstatazioa ahozko iturrien bidezkoa izan da. Eta burutu ditugun elkarrizketa guztietan hiru emakume hauei gertatua, isilik egon bada ere, oroimen kolektiboan gordeta dagoela ikusi ahal izan dugu. Guk, orain kontatu egin dugu. Dagokionak ohar hartu dezan.

 

ile rapatuak emakumeak

L`Ilustration, 1937koa da argazkia. Emakumeak ilea zerora moztuta. 


[1] 2014. urtean gai honen inguruan lehen artikulua publikatu genuen Amasa-Villabonako emakumeen errealitatea Frankismoan: zigor bikoitzaren kronika izenburupean. Hau hura osatzera dator. Ikusi www.amasavillabonaoroitzen.net web orrialdean.

[2] Frankismoak gorri hitza modu despektiboan erabiltzeko tendentzia zuen. Haientzat gorria=marxista zen. Euren kontra zeuden denak gorriak ziren. Argi izanda, frankismoaren aurka borroka egin zuten asko eta asko ez zirela inolaz ere marxistak, emakume hauek kasu.

[3] Arrazoi hau tarteko, epaitu zituzten Gerra Kontseiluan Amasa Villabonako 7 emakume, Txokolonean Errepublikaren alde hizketan entzun zituztelako. Ikus honetaz: http://www.amasavillabonaoroitzen.net/web/eu/artikuloak/61-amasa-villabonako-emakumeen-errealitatea-frankismoan-zigor-bikoitzaren-kronika

[4] Gonzalez Duro, E. (2012): Las rapadas. El franquismo contra la mujer. Siglo XXI: Madrid. 16.or.

[5] Gonzalez,op.cit., 43 orria

[6] Gonzalez, op. cit., 35 orria

[7] Gonzalez, op. cit., 192-193 orria.

[8] Falangearen emakume talde hau 1977. urtean disolbatu zen. Franco hil ondoren.

[9] Juan Barbek, Falangeko arduradunak eta alkate izandakoak ematen omen zituen ibiltzeko baimen hauek. Berak erabakitzen omen zuen nori ez eta nori bai. Julianaren ahizpa Angelitak soilik zuen ibiltzeko baimena, hark egiten zituen enkarguak eta beste.

[10]Bere seme bati Lenin izena jarri zietela (gerora, arazoak saihesteko Leoncio izatera aldatu bazuten ere). Alaba bati Paz y Libertad izena jarri nahi izan zioten.

[11] Francorekin borrokan aritu eta errepublikarrek atxilo hartutako herritar baten familiak, Manuel Garate erreketearen laguntzarekin, permiso batekin Villabonan zela salatu egin zituen. Antza, errepublikarrek hainbat frankista atxilotu zituzten Villabonan eta Txokolonea bezala ezagutzen zen tokian, emakume hauek euren poza agertu zuten atxiloketa hauen aurrean, epaiketan ukatu egin zuten salaketa hori baina. Eta ondorioz zigortu zituzten, Barbek gauzatu zuen salaketa. 8 urteko kondena jaso zuten hirurek. Saturninak Saturrarango espetxean eman zituen eta Benita eta Antoniak Ondarretakoan.

[12]  Informes de conducta, jarrerak eta epaituen alde edo kontra herritarrek egiten zituen informazio sortak osatzen zuten epaiaren zati bat. Noski informeak segun eta nork egiten zituen, askatasuna eskuratzeko aukera gehiago. Informe horiek kasurik gehienetan oso kontrakoak izaten ziren eta FET-JONS eta herriko alkate zein enpresa gizonek egiten zituzten. Informe hauek egiteko sarea antolatua zuen erregimenak Villabonan.

[13] Guillermo Vidaurre, EAJko arduradunetako bat izan zen Villabonan. Gogor zigortu zuten arrazoi horregatik, espetxe zigorra barne.

[14] Maud, Joly. Las violencias sexuadas durante la Guerra Civil Española. Paradigma para una lectura cultural del conflicto. Historia Social, 61, 2008, 89-107 orriak.

[15]Informazio eta Turismo ministroa izan zen Francorekin eta gerora urte asko egin zituen Espainiako politika aktiboan beti ere eskubiko adarrik zorrotzenaren irudia eskainiz. Franco hil ondotik ere, azken unerarte lehen mailako ardura politikoak bete zituen Espainiako Estatuaren erakunde desberdinetan.