Amasa-Villabonan 29 pertsona fusilatu zituen Francok; horien artean zeuden Jose Adarraga eta Jose Joakin Arin apaizak. Biak fusilatuak.

JOSE ADARRAGA LARBURU (1881 Villabona - Hernani 1936)

Apaiza 1906 urteaz geroztik. Urte askoan, Mexikon apaiz lanetan aritu zen; gero, Gasteizen eta azkenik, Hernanin. Azken honetan fusilatu zuten, bertako hilerriaren paretaren kontra, 1936ko urriaren 17an. Gerra Zibilak eztanda egin zuenean, Joxek bere babesa eskaini zion Euskal Erkidego Autonomoan abiatu zen gobernu autonomoari. Preso hartu zuten eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Gerra Kontseiluak heriotza zigorrera kondenatu zuen eta bere horretan bete zuen agindua. Gupidarik gabe fusilatu zutelarik.

Ondoko agiri honetan ikus dezakegu exekuzio hori non eta nola egin zen. Zerrenda berean ageri da, Jose Ariztimuño Aitzol, tolosar kulturgile eta politikari oparo eta abertzalea ere, berarekin batera exekutatua (aurretik tortura basatiak jasan zituen). Bertan, irakur daiteke «Aipatutakoez gain hemen daude gutxi gora behera beste 190 bat pertsona lurperatuta…». Honenbestez, gehiago erail zituzten egun horretan eta ondorengoetan ere.

Mikel Aizpuru (Gabiria, 1963) historia garaikideko irakasleak, sakon aztertu zituen Hernaniko hilerrian gertatu ziren fusilatze hauek. Bere esanetan, eragindako heriotza guztiak ezin justifikatuzkoak izanik ere, Adarragarenak are eta gutxiago zuen. Bere bizitzaren zatirik handiena Mexikon pasa baitzuen. Politikaren alorrean ere ez omen zen inoiz oso lerratua egon. 1959. urtean Francori igorritako dokumentu batean (heriotza hauek justifikatzeko egina), ez zuten bere aurkako akusaziorik aipatzen; ez eta bere inguruko daturik agertzen ere. Aipatu txostenean ez zekiten noiz fusilatu zuten, abuztuan izan zela bai, baina noiz adierazi gabe; ez eta non fusilatu zuten ere. Arrazoiak bilatzen hasita, bere senideen militantzia politikoan bila zitezkeen. Bere anai bat, Juan Adarraga, Izquierda Republicanako kidea zen eta parte hartze zuzena izan zuen Euskal Autonomia Estatuaren eztabaidan zehar baita hauteskundeen prestaketan ere, lan asko egin zuen ezkerreko alderdien batasuna bilatzen. Bere koinatu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzorde Kudeatzaileko kidea izan zen. Ordurako hura ere exekutatu zuten.

Ezin arrazoirik bilatu hainbeste krudelkeriari.

Jose Adarragaren exekuzioa jasotzen duen agiria

JOSE JOAQUIN ARIN (1875 Villabona- Oiartzun 1936)

Ekonomian aditua zen eta Arrasateko Artzapezpiku lanetan jardun zuen

Jose Joaquin ArinAbertzalea, euskararen inguruan ikerketa sakonak burutu zituen. Gasteizko Seminarioan jaso zuen bere formazioaren zatirik handiena, gero Aretxabaletan apaiz lanean jardun, eta ondoren 25 urtez jarraian Arrasaten, apaiz, beti ere. Musikazale porrokatua. Euskal kulturgintzan erreferentzia nabarmena zen; Jesus Guridi eta Resurrecion Maria Azkuerekin harremanak zituen, besteak beste.

Mola jenerala Gipuzkoan sartu zenean, salatu egin zuten Jose Markiegi eta Leonardo Guridi zein Joseba Zeziaga, Gipuzko Buru Batzarreko kidearekin batera; etxean atxilotu eta Ondarretako espetxean sartu zuten, 1936ko urriaren 21ean. Laurak, 1936ko urriaren 24- 25 gauean hil zituzten Oiartzungo hilerriaren sarreran. Hilerrira zeramatzatela «Te Deum» abestu zuten. Hugh Thomasen hitzetan (Erresuma Batua, 1931), Mateo Mujika Gasteizko gotzainak hauxe esan omen zuen: «hobe zuketen Francok eta bere soldaduek gizon honen hankak musukatu balituzte, hura fusilatu baino». Mateo Mujika Gasteizko gotzainaren aholkularia izan zen Arin. Euskal kulturaren biziberritzean parte hartze zuzena izan zuen honek ere. Esaterako, Arrasaten, apaiz etxeko beheko gelak eskaini zituen lehen ikastola sortzeko. Modu berean, elkarlan zuzena izan zuen Markiegi eta Guridi adituekin euskararen ikerketa filologikoa garatu eta gero bere irakaskuntza bermatzen.

Bere atxiloketa gertatu aurretik, Arrasatera mitin bat ematera etorri zen Maria Rosa Urraca Pastor Alderdi Tradizionalistako kidea. Kalean elkar topatu zuten. Emakume honek antza, Joxe Joakin Arin kalean ezagutu egin zuen eta hirutan Viva Espainia! oihukatzera behartu, heriotza mehatxua eta guzti eginez. Noski, gero gertatu egin zen.

Jose Luis de Villalonga (Madril 1920- Mallorca 2007) espainiar idazle, antzerkigile eta frankista konbentzituak, Espainiako Handiaren aitortza jasoa, lotsarik gabe aitortu zuen berak parte hartu zuela Arinen eta beste hainbat apaiz abertzaleren aurkako hilketan. Honatx Vanguardia egunkarian 2002an hark esandakoak:

«Charmion maitea: atzo, Bilboko Burdin Hesiaren aurkako erasoa burutu genuenean batera ginen nire adineko lagun batekin, telefonoz hizketan, gogoratu nuen nola, gure Koronela zen Joaquin Gualde Torellakmallorkarra nire gisa berean eta nire familiaren oso lagun handia- nola agindu zigun ez genuela armarik eskuetan zuen euskal apaizik bizirik atxilotu behar...»

Villalongaren aitortza honek, agerian utzi zuen urteetan senide eta herritar askok izan zuten ustea (gaur ere haietako askok ez dute inolako aitortzarik jaso), Francoren erregimenak beti ukatu zuen bere ardura eta errepublikanoak egin zituen heriotza hauen errudun, denen buruetan ordea argi zegoen nork erail zituen «gorriak» kontsideratuak ziren apaiz hauek. Joseba Elosegiren (Donostia, 1915 - Donostia, 1990) Quiero morir por algo (Plaza&Janes, 1977)

liburuan (Elosegi bera gudaria izan zen) Villalongaren taldeak eraildako apaizen zerrenda irakur daiteke.

Adarraga eta Arinekin batera beste apaiz batzuk exekutatu zituzten. Jose Markiegi, Leonardo Guridi, José Ariztimuño Aitzol, Martin Lekuona, Gervasio Albizu, Jose Peñagarikano, Celestino Onaindia, Joaquin Iturri-Castillo, Alejandro Mendikute, Jose Sagarna, Otano eta Roman.

Exekutatuak izan ziren apaiz hauetako inork ez zuen epaiketarik izan, ez ziren epaitegi baten aurrera iritsi. Epaituak izan zirela esaten dutenak gezurretan ari dira (Elosegi: 92-93).

Bi apaiz billabonatar fusilatuak beraz, beste hainbat apaizekin batera. Elizaren eta frankismoaren harremanen inguruan asko idatzi da: harreman horiek oso sakonak izan zirela eta eliza katolikoaren egitura nabarmen Francoren alde zegoela bistakoa izanik ere, aipagarria zaigu exekutatuak izan ziren apaiz hauen inguruan autore ezezaguna duen liburu honetako pasarte hau, bertan elizaren baitan zeuden bi posizioak argi adierazten dituelarik:

Gerra aurretik apaizgoa bi norabidetan banatuta zegoen: batetik, entzikliketan zehaztutakoa betetzea helburua zutenak elizaren berezko doktrina nagusi bailitzan; eta bestetik, estatuaren aldetik mesede eta abegitasun denak espero zituztenak, haiek lortzea zelarik inportanteena, horretarako aurkakotasun denak alboratu behar baziren bidea errazteko... (1966, El clero vasco frente a la cruzada franquista, II. Egi Indarra argitaletxea, Toulouse: 25).

Eliza katolikoak bere etxekoak ere ez zituen nonbait gogoko, gorriak edo abertzaleak baziren.

Dokumentu honek, Amasa Villabonan Francoren guda gizonak sartu zireneko eguna adierazten du, villa liberada. Mateo Arismendi parrokoak, ustezko bere aurkako erasoak salatzen ditu akta honetan. Mateo Arismendi, ordea, babestua zegoen. Oso kuriosoa da, nola dokumentu honetan ez den aipatu ere egiten baina ordurako, Villabonakoak ziren lau haur hilik suertatu ziren Donostian, italiarrek jaurtikitako bonba zaurien ondorioz. Maria Leturiondok, esaterako, bere hanka galdu zuen, semea hiltzen ikusi ondoren. Mezu honetan, gertakari latz hauek ez dira aipatu ere egiten.

Txanponaren bi aldeak, gerraren aurpegi gordinak.